Harribeltza, gib-dunak elkar babesten 25 urtez
GARAn Joseba Errekaldekin egindako erreportajea.
Duela 25 urte, Harribeltza elkartea sortu zutenean, GIBaz kutsatuta zeundela esaten bazizun medikuak, ia segurua zen birus hark hil egingo zintuela. Mende laurden geroago, seropositiboa zarela jakiten baduzu, ia seguru egon zaitezke ez zarela horregatik hilko. Baina diagnostiko hori jasotzean pertsonak hartzen duen zartakoa oso antzekoa da orduan eta orain, Harribeltzako lehendakari Joseba Errekaldek esan digunez. Eta norbaitek baldin badaki gai honetaz Euskal Herrian, bera da hori.
Goizean Harribeltzaren udako 23. kanpaina aurkeztu du Joseba Errekaldek Donostian eta eguerdirako Oiartzungo Ugaldetxo auzoko egoitzan daukagu zain. Egongela handi bat, terapiarako gelak, bulegoa eta beste hainbat txoko dauzka egoitzak. Paretetan ezarrita, GIBari eta hiesari buruzko kartelak, sexu transmisiozko infekzioak ekiditeko aholkuak, argazkiak… baita bertsoak ere. Ehunka lagun pasa dira hemendik mende laurden honetan, eta guztientzako izan da harrera tokia, gorputzaren eta buruaren zauriak arintzeko aterpea. Eta hala izaten jarraitu beharko duela dirudi, oraindik ere berrehun lagun inguru kutsatzen baitira GIB birusaz urtero Euskal Herrian.
Berrogei urte betetzera doaz munduan aurreneko aldiz «hies» (hartutako immunoeskasiaren sindromea) hitza entzun zenetik, eta pixka bat gutxiago GIB (giza immunoeskasiaren birusa) aditzera eman zenetik. Luc Montagnier mediku frantsesa eta Robert Gallo estatubatuarra izan ziren gaitz berria ikertzen lehenak eta haren ezaugarriak deskribatu zituztenak.
Gallok 1984an eman zuen ezagutzera hiesa eragiten zuen birusa aurkitu zuela, eta Osasunaren Mundu Erakundeak GIB izendatu zuen aipatu birusa. Handik sei urtera, 1990ean, hiesaren aurkako AZT botika erabiltzen hasi ziren. Ordurako, gaitz ankerra munduan hedatuta zegoen. Estatu espainolean, Euskal Herria izan zen kolpatuenetakoa.
Ia beti heriotza eragiteaz gain, hiesak estigma bat zekarren berarekin. Izan ere, gehienbat droga kontsumitzaileak harrapatzen zituen. 1993ko ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian gertatutako hamar GIB kutsatzeetatik ia zortzi droga kontsumoarekin lotuta zeuden, hamarretik bat sexu harreman heterosexualekin, hogeitik bat sexu harreman homosexualekin eta azkeneko hogeitikako bata odol transfusioekin.
Ipar Euskal Herrian bestelakoak ziren datuak: droga kontsumoaren bidezko kutsatzeak hamarretik lau ziren, beste lau harreman homosexual bidezkoak, eta bat bakarra harreman heterosexualezkoa. Guztira bi mila lagunek zeukaten gaixotasuna Euskal Herri osoan, %78 gizonezkoak eta %22 emakumezkoak.
Arazoaren tamaina ikusita, hainbeste jende kutsatzen eta hiltzen zela ikusita, afektatuak biltzen hasi ziren, elkartzen, elkarri laguntzeko. Informaziorik eza handia zen, beldurra ere bai, gizartearen enpatiarik eza zeresanik ez. Baziren Asociación Anti Sida izenekoak hiriburuetan, baina ez zituzten gaixoak asebetetzen. Hala, 1990eko hamarkada hasieran Bizkaian T4 elkartea sortu zen, Josu Unanue zelarik bultzatzaile nagusia, eta haren pausoei jarraituz bi urte geroago Harribeltza jarri zuten martxan Gipuzkoan kutsatuta zeuden hainbat lagunek, Oiartzun aldekoek, haien artean Errekaldek. Lehenengo pausoak emateko ezinbestekoa zitzaien laguntza eman zien orduko Oiartzungo Udalak, Arantxa Lete zinegotziaren bidez.
Gasteizen ere sortu zen antzeko elkarte bat. Arrasaten ere bai, eta Getarian. Izan ere, gaitz berri ezezagun hura Euskal Herri osoan azaldu zen, baina izan ziren eskualde eta herri jakin batzuk bereziki kolpatu zituenak.
«Urte batzuk baditugunok ondo gogoan daukagu zer sufrimendu, beldur eta estigma zekarren hiesak urte haietan. Afektatuok ezin genuen gure frustrazioa geure baitan gorde. Askotan esan dut eta berriro esango dut: heriotzaren zain geunden, gure azkena noiz iritsiko zen, ezer egin ezinik. Ez gu bakarrik, jende arrunta, baizik eta kutsatu ziren hainbat eta hainbat pertsona entzutetsu eta famatu, erremediorik izan balitz hura eskuratzeko dirua sobera zutenak. Horregatik behar genituen, eta sortu genituen, terapia taldeak eta autolaguntza taldeak, aldarrikapena eta borroka alboratu gabe», diosku Errekaldek.
Botikaren zain
1997 arte ez zen azaldu GIBari aurre egingo zion botika eraginkorrik. Lehenago aipatu dugun AZT monoterapiak inor gutxi salbatu zuen; alderantziz, afektatuak botiken aurka jartzea eragin zuen, oso mesfidati bihurtzea, eta Errekaldek gogoan du kontzientziazio kanpaina indartsuak egin behar izan zirela botika benetan eraginkorrak iritsi zirenean haiek hartzeko konbentzitzeko kolektiboa.
«Ezkortasuna oso hedatuta zegoen kolektiboan. Ni neu ospitalean ingresatuta nengoen 1997. urte hartan, gaixotasun oportunistek bete-betean jota, tuberkulosia eta abar, defentsak oso ahulduta… erabat sinestuta nengoen eta onartuta neukan ez nintzela handik bizirik irtengo. Halako batean, nire medikua, Julio, etorri zitzaidan botika berri batzuk iritsi zitzaizkiela esanez, antirretrobiralak, eta probatu egin nahi zituztela. Nik baiezkoa eman nion, baina egia esan fede gutxirekin. Bada bizirik irten nintzen, nahiz eta zeharo ahulduta, eta handik bizpahiru urtera, 2000 aldera, hasi nintzen konturatzen osasunak benetan hobera egiten zidala». Orduan hasi ziren Errekalde eta beste afektatu guztiak argia ikusten.
Duela egun batzuk eman ditu GIB-hiesari eta bestelako sexu infekzioei buruzko azken datuak, iazkoak, Osakidetzak. Taulan ikusten da 1995etik gaurdaino antirretrobiralen gastua zein izan den, eta paziente kopuruak nola eboluzionatu duen. Bada 1995ean bi milioi euroko gastua izan zen, 1997an bederatzikoa, eta hortik aurrera gora egin du, 2013ko 39 milioiekin goia jo arte. Urte horretan beherako joera hartu zuen gastuak, eta iaz 22 milioikoa izan zen.
Arazoa zera da, ordea, gastuaren jaitsiera handi hori ez dela izan gaixo kopurua ere txikitu egin delako, baizik eta 2013an botika generikoak –merkeagoak– azaldu zirelako antirretrobiralen merkatuan. Izan ere, paziente kopuruak gora egin du etengabe, 1997an Osakidetzak artatzen zituen 2.168 pertsonatik iazko 5.852ra arte. Datu horiek erakusten dute, batetik, GIB-hiesa gaixotasun kronikoa bihurtu dela (ez nahitaez hilgarria, lehenago zen moduan); eta bestetik, urtero paziente berriak gehitzen direla zerrendara, alegia, jendeak kutsatzen jarraitzen duela. Are gehiago, azken urteetako igoera handiena izan da 2018koa, 169 laguni diagnostikatu baitiote GIB infekzioa EAEn, 2011tik jotzen ez zen sabaia, orduan 162 izan ziren eta.
Gakoa, harremanetan
Joseba Errekalde ezkor azaltzen da kutsatzeak noizbait desagertuko ote diren galdetuta. Datuei erreparatzen die, eta datuek diote joandako 21 urteotan urtero izan direla ehun kutsatu berri baino gehiago, nahiz eta informazio eta heziketa kanpainak etengabeak izan diren. Eta gainera, Harribeltzan egonda oso gertutik ezagutzen du infekzioa harrapatzen duen pertsonaren tipologia, eta horrek dio gaur egun kutsatze gehienak gizonen arteko harreman sexualetik eratortzen direla.
«Bai, garai batean xiringak konpartitzeagatik kutsatzen zen droga kontsumitzaile hura ez da dagoeneko kutsatzen, inori ez zaiolako burutik pasatzen jada xiringak konpartitzea. Baina harreman homosexualetan joera txar batzuk, ez sanoak, mantendu egin dira. Gutxiengo txiki batean gertatzen da, argi gera bedi, gehiengo handiak bere sexu bizitzaz ondo gozatzen baitu, bere neurriak hartuz eta prebentzio egokiaz. Baina badago portzentaje txiki bat harreman toxikoak dituena –toxikoak baita hainbat kontsumori dagokionez ere, Josebak “harreman etilikoak” deitzen dituen horiek adibidez–, mendekotasun harremanak –“nik ez dut kondoirik ibili nahi eta zu ere ez erabiltzera behartzen zaitut”–… Nik ez daukat estatistikarik, baina igual hamar harremanetatik bi ez dira sanoak, eta hor dago arazoa», dio Josebak.
Ezin da, ordea, harreman ez-sanoen gai hau gizonen arteko harreman sexualetara mugatu, alegia, ez da harreman mota horren ezaugarria bakarrik, mendekotasuna gertatzen den guztietan ematen baita. Josebak azaltzen duenez, zeresan handia dauka pertsona bakoitzaren kultur mailak, etxean bizitako giroak, bere egoera ekonomikoak… hori dena islatzen da harreman sexualetan ere. Eta gizarteko sektore jakin batzuetara informazio eta heziketa sexuala iritsaraztea oso zaila gertatzen da, era eraginkorrean bederen. Gaur egun, oraindik ere, hainbeste informazio eskura izan arren, nahi gabe haurdun geratzen diren nerabe ugariren kasua aipatzen du.
Hiru hamarkada daramatza Errekaldek GIBarekin, hiesarekin eta gaixoekin harremanetan, eta gauza bat bederen garbi dauka dagoeneko: 1980-1990 urte haietan bezalaxe, gaur egun ere seropositiboa dela esaten dioten pertsona hondoratu egiten dela diagnostikoa jasotzean. Badaki ez dela horregatik hilko, baina beldurra sentitzen du, estigmaren itzala bere gainean. Horretarako dira beharrezkoa Harribeltza bezalako elkarteak, medikuen eta botiken laguntza eta eragin ezinbestekotik harago zu bezala dagoen gizon-emakumearen besarkada behar duzulako, haien babesa, haiek eskainitako eskua elkarrekin ibiltzen jarraitzeko.