GIBaz infektatutakoen erdiek tratamendurik gabe jarraitzen dute
Nazio Batuen Erakundeko Programa Bateratuak (ONUSIDA) GIBaz egindako txosten berriak dio gaur egun gaixotasun hau duten 18,2 milioi gaixo dagoeneko ari direla jasotzen tratamendu antierretrobirala; duela sei hilabete baino milioi bat gehiago da hori, baina hala ere kexu agertu da birusarekin bizi diren 36,7 milioi lagunen erdia besterik ez delako kopuru hori.
Aurtengo ekainera arte jasotako datuekin aurkeztu dute lana Namibian, eta hark erakusten duenez, gaur egun 34,9 milioi heldu eta 1,8 milioi adingabe daude hiesak jota, eta gutxi gora-behera erdiak emakumeak dira. Horrez gain, urtero bi milioi kasu berri baino gehiago jasotzen dira, eta horietatik erdia, gutxi gora-behera, heriotzarekin amaitzen da.
NBEk ohartarazi du droga injektagarrien erabiltzaileen artean handitzen ari direla kasu berriak, eta baita ere, beste gizon batzuekin sexu harremanak dituzten gizonen artean. Horien atzetik daude ondoko arrisku taldeak: transexualak edo prostituzioan lan egiten duten pertsonak.
Sendagaiekiko erresistentzia arriskuaz ere ohartarazi du, eta baita ere bigarren eta hirugarren lerroko tratamenduen kostua gutxitzeko beharraz. Era berean, tuberkulosia, C hepatitisa eta giza papilomaren birusaren programekin sinergiak hobetu beharra ikusten du patologia honekin bizi diren pertsonen gaixotasun eta heriotza kausa nagusiak gutxitze aldera.