Kanpainaren kontzertua datorren ostiralean

OIARTZUN. HarriBeltza elkartea duela 26 urte hasi zen lanean eta jada ezaguna da Gipuzkoan HIESaren aurkako kanpainak sustatzeagatik. Lan garrantzitsua egiten du. Esate baterako, birusaren gaineko informazioa eta heziketa zabaltzen du, batez ere transmisioari eta prebentzioari dagokionez.

Aurtengo udan XXIV. prebentzio kanpaina egin da, eta beti kontzertu esanguratsu batekin amaitzen dute. Musika ekitaldi hau beti izan ohi da uztailaren 31n, 19:30etan, Oiartzungo elizan. Oiartzunera etorriko ez liratekeen artistekin elkarlanean aritzen da gainera. Ainhoa Arteta edo Donostiako orfeoia bezalako artistak bildu izan ditu.

Zer gertatuko da aurtengo kontzertuarekin?

“Urtero egiten dugu kontzertua, eta aurten jendea larrituta dabil nola egingo den ez dakielako. Espazioa, ordua, kontzertua… dena mantendu egingo da. Beti bezala uztailak 31 izango da, 19:30etan, elizan. Orokorrean, jende asko kasualidadez etortzen da, ez dakielako zer dagoen, baina beti izaten da zerbait. Oso arrakastatsua izaten da kontzertu hau, eliza beti betea egoten da. Baina aurten ezin dugu hori egin”, dio Joseba Errekalde HarriBeltza elkarteko lehendakariak.

“Formula berri bat planteatzen saiatu gara. Horretarako, Oiartzungo beste elkarte batzuei laguntza eskatu nien; Haien artean, Herri Musikaren Txokoari eta Oiartzungo kanpanjole elkarteari”, aipatu du Errekaldek. HarriBeltzak antolatu du kontzertua eta bere ekitaldia izango da, baina Oiartzungo beste elkarteekin elkarlanean aritu ondoren ekimen original eta berri bat eskaini ahal izango digute.

Eliza beti izan da kontzertuen kokapena eta aurten ere hala izango da. Aurten, ordea, segurtasun-neurriak bete ahal izateko, kanpandorrean izango da kontzertua. Hor goitik emango da kontzertua eta jendeak nahi duen lekutik entzun ahal izango du.

Helburuak

Elkartearen helburuak argiak dira. Alde batetik beraien data, espazioa eta izaera mantendu nahi dute. Eta bestetik, ekitaldi hau datorren urtean espero den normaltasunera bueltatzeko zubi bilakatu nahi dute. Datorren urteko kontzertua berezia izango da, 25. kontzertua izango da eta.

Joseba Errekaldek aseguratu du: “oso konprometituak gaude eta normaltasun bide honetan gauzak mugitu nahi ditugu. Gauzak burutu egin behar dira, ez dira bakarrik egiten. Guk zerbait berritzailea egin nahi izan dugu, gauden egoeran beharrezkoak diren segurtasun-neurriak kontuan hartuta. HarriBeltzak hor jarraitzen du, hor dago. Kulturak aurrerantz jarraitu behar du. Jendea animatu nahi dugu, beste motako ekitaldiak posible direla erakutsiz”.

Argi utzi behar da kontzertua ez dela eliza barruan izango beste urteetan bezala. Guztiontzat segurua izango dela berretsi nahi izan du elkarteko lehendakariak: “askok etxeko balkoitik entzun ahal izango dute karkarkar. Baina Oiartzungo plaza eta Ibargain parkea ere leku espezialak dira kontzertu honetaz gozatzeko”.

Programa

Ekitaldi hau uztaileko Kulturabirusa programa kulturalaren barruan dago. Kontzertuaren programa QR kode baten bidez zabalduko da herritik eta irakurri ahal izateko eskaneatu besterik ez da egin beharko. Hala ere, nahi duenarentzat esku-programa bat ere eskuragarri izango da egunean bertan elizan.

Besteak beste, Oiartzungo kanpanjoleak eta Aguraingoak entzungo ditugu, azken hauek Oiartzungoek gonbidatuta. Kanpanjoleez gain, dultzainak ere izango dira. Aitor Arotzena txistulariak ere obra berri pare bat estreinatuko ditu kontzertuan.

Anima zaitezte!